ja! Ion Ander Belokik (Tolosa 1970) Bartzelonan eman zion hasiera bere lan ibilbideari, diseinu grafikoa eta erakusleiho-apainketa ikasi ondoren. Ondoren, aldi berri bati eman zion hasiera: ja!studio sortu zuen eta besteak beste Loreak Mendian enpresan hasi zen lanean. Hain zuzen, hor aurkitu zuen tokia bere lanik pertsonalena garatzeko. Gaur egun Londresen bizi da eta bere erakusleihoetako lanak nazioarteko liburu eta aldizkari espezializatuetan (Frame, Pasajes Diseño, Design 360º Magazine edo Span) azaldu izan dira.
Bere instalazioetan kultura bisual garaikidea eta euskal sustraien estetikaren arrastoa nabari da. Zenbait diziplina nahasten ditu, hala nola, arkitektura edo industria diseinua. Estilo zuzena eta bereizlea du eta eguneroko gauzak testuingurutik atera eta esanahi berria ematen die: bere konposizioetan ez dago azaleko elementurik, eta ideia ondoen adierazten duten objektuak erabiltzen ditu bakarrik.
Bere konposizioen ezaugarri nabarmenenak argiztapena eta akabera dira. Hala, bere piezek berezko estiloa dute: zenbait erakusleihotan istorio laburrak kontatzen dira: Bomb-ek gabonetan, mahaiaren inguruan elkartzen diren familietako kideen artean izaten diren egoerak deskribatzen ditu; beste batzuetan arkitektura egiturak islatzen ditu, ohiko osagaietatik abiatuta (Haddock light); azkenik Viking deritzon erakusleihoa egiteko, beste artista batzuen piezak inspirazio-iturri hartu ditu eta, zentzu komertzialagoa eman die.
Ja!ren helburua da irudia sortzea eta begirada sorraraztea. Eta hori lortzen du zorrotz lan eginez eta teknika landua erabiliz.

© ja! studio 2011 · Facebook